You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Albert Oehlen: erretratua

artista

Albert Oehlen

Krefeld, Alemania, 1954

Albert Oehlen 1954an jaio zen Krefeld-en (Alemania). Hanburgon Hochschule für Bildende Künste-ra joan zen. Bertan Arte Ederren ikasketak egin zituen 1977tik 1981era, Sigmar Polke irakasle zuela.

Bere aurreneko banakako erakusketa Max Hetzler-en (Stuttgart) egin zuen 1981ean, Bevor ihr malt, mach ich das lieber izenburuarekin. Garai hartako Oehlenen lanetan tonu marroi ilunak nagusi dira, eta bere margolanen eszenatokiek barruko espazioak, sotoak, apartamentuak eta museoak irudikatzen dituzte. Espazio horiek beti zeuden hutsik.

1980ko hamarkadan elementu abstraktuak eta figuratiboak uztartzen hasi zen. Joera horrek margolan abstraktuetara eraman zuen.

1982an collage-lanak hasi zituen.

1988an, urtebetez, Martin Kippenberger lagun artistarekin batera, Andaluziara joan zen bizitzera; eta, geroago, Madrilera. Garai horretan zuhaitzen lehen marrazkiak eta pinturak egin zituen.

1990ean, Los Angelesen zegoen bitartean, ordenagailu bat erosi zuen. Ordenagailu horretan marrazkiak egiten hasi zen, eta 1992an bere Ordenagailu bidezko pinturak (Computer Paintings) seriea hasi zuen (eta 2008an amaitu zuen). 

1997an bere margolan grisak hasi zituen (seriea 2008an amaitu zuen).

2000. eta 2009. urteen artean, pintura-irakasle gisa jardun zuen Kunstakademie Düsseldorf-en.

2007an pintura-serie berri bat hasi zuen. Lan horietan hasi zen publizitateko kartelak txertatzen.

2008an Riehen-go (Basilea) Fondation Beyeler-en egindako Action Painting erakusketa bisitatu ondoren, zuzenean hatzekin pintatzen hasi zen (Fingermalerei).

Gaur egun 1989an hasi zuen zuhaitzen pintura-seriean lan egiten jarraitzen du, baita formatu handiko collageetan ere.

Albert Oehlenek Europako zein Estatu Batuetako izen handiko galeria eta erakundetan egin ditu erakusketak. Egin dituen azken erakusketen artean ondorengo lekuetan inauguratutakoak aipa ditzakegu: Kunsthalle Vierseithof, Alemania (2000); Kestner–Gesellschaft, Alemania (2001); Musée d’Art moderne et contemporain de Estrasburgo, Frantzia (2002); Salzburger Kunstverein, Austria (2004); Domus Artium, Salamanca (2002), eta Musée Cantonale des Beaux Arts, Suitza (2004) (erakusketa ibiltaria); Secession, Viena (2004); FRAC Auvergne—Ecuries de Chazerat, Clermont–Ferrand, Frantzia (2005); Museum of Contemporary Art North Miami (2005) —artistak Estatu Batuetan egin zuen lehen erakusketa monografiko handia—; Whitechapel Gallery, Londres (2006); Museo di Capodimonte, Italia (2009); Musée d'Art moderne de la Ville de Paris (2009); Emil Schumacher Museum, Alemania (2010); Sammlung Grässlin, Alemania (2010); Carré Musée d’art contemporain de Nîmes, Frantzia (2011); Kunstmuseum Bonn, Alemania (2012); Museum Moderner Kunst, Viena (2013); Museum Wiesbaden, Alemania (2014); New Museum, New York (2015); Kunsthalle Zürich (2015); The Cleveland Museum of Art, Cleveland (2016). Erakusketa horiei Guggenheim Bilbao Museoaren erakusketa hau gehitu behar zaie (2016). Artistaren obra 2013ko Veneziako Bienalean ere ikusteko aukera egon zen.

Albert Oehlen Suitza eta Espainia artean bizi da eta lan egiten du.

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean